Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Lanabesak, begirada berrietarako

Asmoak asmo dira eta bideak bide. Baina asmoei eta bideei zentzua ibiltzeak ematen die. Gerturatzeak, aurrera egiteak. Urrun dagoen horretarantz pauso txiki bezain sendoak emateak. Jakin badakigun arren, gerturatu ahala, guk aurrera ematen ditugun bezainbeste pauso egiten duela aurrera etorkizun oparo baten asmoak. Horretarako balio dute, beraz, asmo eta helburu handiek, ibilian aurrera egiteko.

Pausoak emateko, ordea, itxita dauden bideak irekitzeko, lanabes egokiak behar ditugu. Momentuaren eta beharraren arabera aldatzen joango garenak, baina, hasteko, behintzat, bidaiari ekiteko, soinean edukitzea komeni direnak. Biziola sarean, lau lanabes aukeratu ditugu gure abentura kolektiboari ekiteko. Bideak erakutsiko digu nahikoa ote diren aurrean ditugun bidezidorrak zabaldu eta esploratzeko. Datozen artikuluetan, ahaleginduko naiz lanabes horietan sakontzen.

Formazioa da eraldaketarako bide luzeena bezain azkarrena. Hala esan zuen behin Beñat Irasuegik, eta bere aurretik beste pertsona ugarik. Gauzak beste era batera egiten ikasi egiten da. Gaur egiten ditugun horiek ikasi ditugun moduan. Ez gara berez sortuak, eraikitako izakiak gara. Inguruneak, ingurukoek, ikusitakoek, bizipenek eta biziarazi gaituztenek. Normalitatean hezi gara, hazi gara. Normala den hori gutxi batzuek edo gutxi batzuen neurrira definitu badute ere, badugu ere. Horregatik, egunerokotasun bizigarri bat eta normalitate berri bat eraikiko badugu, orain arte gutxi landu ditugun balio eta praktiketan hezi behar dugu. Errealitatea aztertzeko eta ulertzeko begirada berriak behar ditugu. Bestela, nekez eraldatuko baitugu betiko ardatzetan ulertu dugun errealitatea.

Aurreko batean, KoopFabrikaren formazio batean parte hartzeko aukera izan nuen. Lurralde burujabetzaz eta tokiko garapenaz aritu ginen saio hartan. Bertan, ekonomia zer den galdetu nien formaziora azaldu zirenei. Ez da lehen aldia galdera hori eremu publiko batean egitea tokatu izan zaidana. Erantzuna, ordea, aurrekoetatik desberdina izan zen, zorionez. Ekonomia zer den galdetuta, normalak diren lekuetan erantzun normalak eman ohi dituzte: burtsa, dirua, errentagarritasuna, etekina, irabazia… Kontzeptu horiek gailendu ohi dira, errealitatea gailentzen den moduan. Bada KoopFabrikako saioan (ezin aipatu gabe utzi aurrez ere bi formazio saio jaso zituztela formazio ziklo berean), erantzunak bestelakoak izan ziren: bizitzari eutsi eta hobetzea, baliabide mugatuen kudeaketaz herritarren oparotasuna lortzea, bizitzak garatzeko behar diren baliabide eta zerbitzuak antolatzea… Galdera berari, beraz, erantzun zeharo ezberdina eman dakiokeela erakutsi zuten. Areago, gure ustez, formazioak eta errealitatea ulertzeko bestelako tresnak eta begiradak emateak errealitatea bera eraldatzeko tresnak ematen ditu.

Horregatik, garrantzitsua da formazioa modu pausatuan egitea (denborarekin) baina aldi berean sakona izatea. Etenik gabe eta begirada klasikoak etenez. Kontakizun berriak eraikiz, ez soilik teoriaren perfekziotik, baizik eta bizipenen eta bizitzeko moduen kontraesanetatik. Azken finean, formazioa horixe baita, garen hori berrosatzea, berriro ere bizitzaz jarduteko.

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?